2016/02/28

GATAZKEI BURUZ HAUSNARTZEN




2137735924_9b92311363.jpgGatazkak, modu intrapersonalean ulertuta, giza-harremanen parte izaten dira, eguneroko bizitzan eta ikastetxeetan ematen diren harremanetan presente. Modu horretan onartu behar dira beraz, hezkuntza-komunitatearen beste ardura gisa; hau da, gatazkatik abiatuz, eskaintzen diguten hobetzeko aukera aprobetxatu eta ikasleei aurpegia ematen irakatsi: besteen interesak ezagutzea, errespetatzea eta kontuan izatea, elkarren arteko harremanaren eta komunikazioaren garrantzia, hartutako konpromisoak betetzea, ez-adostasuna gainditzeko ahalegina…; hau da, gatazken trataera lantzeko lankidetza beharrezkoa da.


Gatazkak, egoera  positibotzat hartua, irtenbidea bilatzearen protagonista, kudeaketaren subjektu aktiboa izateko posibilitatea ematen du. Honetarako ezinbestekoa da gatazkak konpontzeko abilezia, trebetasuna... garatzea eta  gatazkei aurre egiteko  pertsonaren baliabide positibo bihurtzea.


Gatazken trataera eraikitzaileak eta berdintasunean oinarritutakoak bakea eragingo du. Ideia honetatik bake positiboaren kontzeptua eratortzen da, hau da, Manuela Mesa Peinado-k “Bakea eta segurtasuna” artikuluan azaltzen duenez, “...Gatazka gizartearen osagaitzat hartzen da, eta pertsonek edo gizarte-taldeek kontrako helburuak bilatzen edo sumatzen dituztenean, aurkako balioak defendatzen dituztenean edota elkarrekiko urrun dauden interesak dituztenean sortzen da. Gatazka, berez, ez da ez positiboa ez negatiboa, garrantzia bateraezintasun horiek bideratzeko edo aldatzeko moduak dauka, modu suntsitzailean edo eraikitzailean egiten den ikusi behar. Historian, gizarte-aldaketaren bultzatzaile eta giza harremanetako funtsezko elementu sortzaile izan dira gatazkak. Gatazkei irtenbidea aurkitzeko modu eraikitzaileak sustatzera bideratutako prozesu bat baino ez da bakea.”


Honen aurrean, indarkeria agertzen da gatazkei aurre egiteko beste era bat bezala, ingurune gertuan ikasitakoa eta fisikoa, emozionala, egiturazkoa ala kulturala izan daitekeena..


escuela.jpgGatazkak modu egokian kudeatzeko, are gehiago hezkuntzan, genero ikuspegia nahitaez kontuan izan behar da, horien zergatiak eta ondorioak ezagutzeko, ulertzeko, jendartean eta pertsonengan duen eragina agertzeko eta horren ondorio kaltegarriekin bukatzeko, emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasuna identifikatzeko, emakumeek gatazkak konpontzeko erabiltzen dituzten estrategiak balioesteko, kultura maskulinoaren eta femeninoaren ikuspuntuaz jabetzeko eta gainditzeko..


Feminismoak ere, gatazken kudeaketarako ekarpenak egin ditu. Haien artean: pertsonak aintzakotzat hartzea, subjektu gisa ikustea, naturarekin eta gorputzarekin errespetu-harremana garatzea, indarkeria erabiltzearen kontra agertzea, feminitate eta maskulinitate anitzat aberasgarri baloratzea, emozioei garrantzia ematea, guztiok ondo tratatzearen inportantzia goraipatzea.



LuciaGorbena17_20120206.jpgGatazken kudeaketa positiboa lantzeko oso interesgarriak iruditzen zaizkit GEUZeko Lucia Gorbeñak burutzen dituen tailerrak eta haien gida “Ikastetxeetan gatazkak ebazteko estrategiak” gida: “...haurrek eurek euren arazoak konpontzen saiatzeko tresnak lantzen dira: Lehen Hezkuntzako adostokia adibidez, txoko batean belarri-aulkia eta aho-aulkia jartzen dira, funtzionatzeko arau batzuek, eta espazio horretan egoten dira haurrak eurak, hitz eginez edota elkarri galderak eginez akordio batera iritsi arte.
Ikastetxeen gatazkak konpontzeko bitartekotza praktikak daude, eta ikasgelatan prebentzio programa batzuek ere garatzen dira…”


Lehia-eskema gainditzea beharrezkoa iruditzen zait, hots, komunikazioa aktiboa, eraginkorra lortu behar da, irabazle-galtzaile agertu beharrean, bi pertsonek irabazten dutela sentitzea. Hau da beraz, ikastetxeetan dugun erronka handiena.
Bestaldetik, gatazken trataera hezkidetzailea izan dadin, derrigorrezkoa da:


  • Kontzientzia hartzea: irakasleen prestakuntza, Bizikidetza Behatokiak genero-ikuspegia izatea, Bizikidetza Planaren helburuak ebaluatzeko genero adierazleak definitzea…


  • Curriculumean, gatazkak tratatzeko garatu behar diren gaitasunak txertatzea, irabazle-galtzaile eredua ezabatzea, konponbide positiboak irakastea, ikasleen aniztasuna ahalduntzea, sentimenduei eta afektibitateari garrantzia ematea, bitartekaritza beharrezkoak diren abilezien artean ezartzea.


  • Gatazkak tratatzeko banakako tutoretza.


  • Neska eta mutilen partaidetza sustatzea haien behar, interes eta proposamenetatik abiatuz.

  • Antolakuntza aztertzea, egokia ala ez egokia den, genero estereotipoetatik aldentzen diren arauak ezarriz, ikasleen parte-hartze aktiboa bultzatuz.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina