2016/02/28

GATAZKEN TRATAERA HEZKIDETZAILEA


Bizitzak berezkoa du gatazka, elkarren arteko harremana bera da gatazka.
Gatazkak sortzen dira interes kontrajarriak daudenean eta hori bizikidetzaren parte bat da. Alde horretatik, gatazka ez da ez negatiboa, ezta positiboa ere. Positiboa edo negatiboa gatazkari aurre egiteko modua izan daiteke eta hori da hain zuzen ere bakeaz hitz egiten dugunean kontuan hartu beharrekoa.

Generoa kontuan izatea lagungarria da gatazken trataeran emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-eza identifikatzeko eta baita gatazketan parte hartzeko ere, gatazkak bizitzeko generoagatik ematen diren modu ezberdinak adierazteko.

Feminismoak hainbat ekarpen ematen ditu gatazken trataeran. Hala nola: gatazketan inplikatutako pertsonek subjektu-kategoria izatea; gatazkei irtenbidea emateko eskema guztiak (lehia, saihestea, etsipena, lankidetza) kontuan izatea; hezkuntza eta heziketa kontzeptua aldatzea, hezkidetzaz aritzea, garrantzia ematea adimen-garapenari zein emozio-garapenari genero-zauria sendatzeko.

Gatazkei aurre egiteko kontuan hartu beharrekoak dira: boterearen garapen partekatua izatea; egokiak ez diren jarrerak aldatzea daukagunaz baliatuz, hau da, birziklatzea; aniztasuna kontuan izatea bai, baina nahiz eta genero-kultura dela eta askotan, mutilek eta neskek behar eta interes ezberdinak izan,
ez dira denak onargarriak izan behar; eskubideak/betebeharrak, pentsamenduak/emozioak indibidualtasuna/harremanak eta justizia/ zaintza.

Nik uste dut gatazken trataera hezkidetzailea aurrera eramateak pertsonentzat eta gizartearentzat funtsezkoa dela eta horiek aberasten dituela. Izan ere, gatazken trataera egokiak pertsonak eta taldeak indartzen, harremanak sendotzen, pertsonen zein taldeen identitateak indartzen baditu eta boterea garatzen laguntzen du.

Gatazken trataerako proposamena

Gatazken trataera egokirako "Ikasle laguntzailea" programa aproposa da. Programa honek ikastetxeko pertsonen arteko gatazkei aurre egiten lankidetzan irtenbideak bilatzen bultzatzen du. Gatazka aldaketarako eragiletzat hartzen da eta ikasleei  gatazken trataeran parte-hartze  zuzena ematen zaie.
Horretaz gain, programa honekin elkarbizitza hobetzen da, irakasle eta ikasleen arteko ezagutza eta komunikaziorako bideak sortzen dira, eta  ikasle eta ikas komunitateko afektibitate giroaren hobekuntzan parte-hartzea eta ardura partekatua garatzen da.
Programa Lehen eta Bigarren Hezkuntzako hainbat ikastetxetan ezarrita dute


Gatazken trataera nire inguruan

Lehen eta Bigarren hezkuntzako hainbat ikastetxetan gatazkak aztertu ondoren, gatazken trataeran  inplikazio eta ezagutza maila desberdinak daudela ondorioztatzen dut. Hori dela eta, gatazken trataera egokia izateko ezinbestekoa deritzot ikas komunitate osoko eragileen prestakuntzari. Horretarako, gatazkei trataera hezkidetzailea ematen trebatzeko guneak bilatu beharko genituzke. Izan ere, Carmen l. Perez Riestrak “Mediación de conflictos desde la perspectiva de genero" artikuluan dioen moduan “hezkidetza ikuspegia txertatzea aztertu behar da, erabakiak hartzera bideratzen duena eta kontzeptu eta jarrera berreraikitzera eramaten duena parte-hartze eta elkarrizketaren bidez berrikusi eta eraldatu ahal izateko".


 Ikastetxean gatazken trataeran lantzeko erronkak

  • Irakasle, ikasle eta gurasoek prestakuntza jasotzea, guztiak eragile zuzenak izan daitezen.
  • Ikastetxeko praktika onen eta txarren diagnosia egitea.
  • Generoak eta sexuak gatazketan duten eraginaz kontzientzia hartzea.
  • Gatazkak tratatzeko baliagarriak diren konpetentzien garapenerako kultura femeninotik zein maskulinotik hartutako hainbat eduki curriculumean txertatzea. Adibidez, sentimenduen eta balore afektiboen inguruan hausnarketa berreskuratzea eta hainbat kontzeptu birdefinitzea: adibidez, errukia, maitasuna …
  • Aniztasunaren trataera ardatz izatea, jakinda identitate anitzekoak garela, hierarkizaziorik gabeko identitateak eta elkarren beharra dugunak. Horrek laguntzen du ezberdina denari beldurrik ez izaten.
  • Banakako tutoretza, gatazka baten aurrean kontuan izatea alderdi pertsonalak, baina ahaztu gabe jendarte-egitura sexistek ere horretan izan dezaketen eragina.
  • Nahiz eta arauak ondo zehaztuta izan, zaintzaren etikaren haritik, bestelako alderdi hauek ere kontuan hartzekoak dira: testuingurua, elkar ardura, harremanak.
  • Gatazka bakoitza ezberdina dela kontuan izatea. Ezin dira gatazka guztiak arau berberekin, dinamika berberekin, eredu berberekin tratatu
  • “Birziklapen” kontzeptua izatea gatazken trataeraren mamia
  • Neskek zein mutilek beren beharra eta interesak adierazteko parte-hartze guneak izatea.
  •  Gatazken trataeraren prozesuetan ikasleen (nesken zein mutilen) irtenbide-proposamenak oinarri izatea.
  •  Araudia modu partekatuan lantzea.
  • Partaidetzan elkarrekiko eraginkortasuna eta parte-hartze parekidea bermatzeko metodologia kooperatiboak erabiltzea.
  • Antolakuntza ez hierarkikoa eta, adibidez, araudia egiterakoan gizarte heteropatriarkalak jartzen dituen arauekin kritikoak izatea.
  • Arauak nesken zein mutilen beharrak asetzeko eta eskubideak bermatzeko lagungarriak izatea.
  • Hainbat ekimenerako, sexuak edota generoak muga direla sumatuz gero, talde bereiztuak egitea.
  • Espazioen eta denboren kudeaketa parekidetasunean oinarritutakoa izatea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina