2016/10/12

Nire aurkezpena: Ane Leniz Ereño

Berandu, baina ni be banator!

Ane naiz, Derion bizi den galdakoztarra. Pasiorik baldin badut, horiek bidaiatzea eta harremanak direla esango nuke. Bizitako esperientzia eta ikaskuntzarik garrantzitsuenak bi hauek uztartuz jaso ditut; inguruko zein urrutiko pertsona eta kulturen bizipenez motxila betetzea dut gustoko, haienak nire egin eta ahal bada, nire ekarpena ere bidean uztea.

Erraz egiten dut barre; hitz egitea oso gustoko dut (garagardo bat tarteko bada gehiago); nire buruaz hitz egitea asko kostatzen zait; langilea eta efizientea naizela diote batzuek, ondo ezagutzen nautenek aldiz badakite gauzak azken orduan korrika eta presaka errazago egiten ditudala; oso gutxitan aurkitzen dut nire buruarekin egoteko denbora, baina beti dut tartetxo bat lagunekin konpartitzeko.

Feminismoarekin harremana liburuen bidez hasi nuen, nerabe nintzela, modu teorikoagoan praktikoan baino. Heziketa ez formalean murgiltzean izan nuen lehen aukera hezkidetzaz hausnartu eta modu praktikoago baten eragiteko, begirale lanetan aritu nintzenean. Orain, fisika eta kimika irakaslea naiz DBH-n, gazteen eredu halabeharrez. Horrek bultzatu nau Hezkidetzan Esku Hartzen ikastaro honetan parte hartzera; beti izan dut argi ingurua eraldatzeko eragile izan nahi dudala eta hezkuntzan aritzeak horretarako aukera ematen didan arren, tresnak falta zaizkidala iruditzen zait. Haien bila nator hona, baina baita zuekin eta zuengandik ikastera ere!

Ez dakit zein kolorek edo animalik identifikatzen nauten, baina asko janzten naiz beltzez...eta lagun batek (horrela deitu badaiteke) hiena itxura hartzen dit, antza haien antzeko barrea dudalako.

Orotariko musika entzuten dut; hemengoa eta hangoa, mezua duten abestiak eta komertzialak direnak, kantautoreena, ska, rock-a, flamenkoa, pop-a eta reggaetoi oldarkorra baita.
Gaurkoan Tremenda Jauriaren diska bat elkarbanatu nahi dut zuekin, azken garaian dantzan jarri nauen talde madrildarrarena


Bidaia dantzan has dezagun! Ines Osinagak esaten duen bezala: "dantzatu ezin bada ez da nire iraultza!"






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina