2016/10/10

NIRE AURKEZPENA

Kaixo!

Maite naiz, durangarra, hezkuntza ez formalean 14 urtez lanean dabilen hezitzaile nekaezina.

Duela urte batzuk betaurreko moreak jarri nituen, gerora lentilla bihurtu eta gaur egun lotarako ere ez ditut kentzen. Honek askotan hazkurea sortzen dit, baina ez dit axola, ez ditut kenduko. Urtxintxako Hezkidetzan Aditua ikastaroan parte hartu nuen eta gehiago ikasi eta desikasteko gogoz nator.

Gaur, hemen eta orain astoratuta nago, lanean ezin heldu eta herriko jaiak, dena batera. Bi aste barru lasaiago eta ardaztuago egongo naiz, buruari eragiteko gogotsu.

Langilea, eskuzabala eta umoretsua naizela diote, baina baita burugogorra, despistatua eta epe laburreko memoria duena (Dori naiz). Hobetu beharreko beste mila arlo ditut, lanketa bidean denak.

Zinezale eta seriezale amorratua naiz, baita bertsozalea ere. Maite dut barre egitea, dutxa beroak hartzea eta egin berri diren bizkotxoak jatea. Iluntasunari beldurra diot, handia.

Morea da nire kolorea, politena bera da eta beste kolore guztiekin ondo dator.

Animalia banintz tximeleta izango nintzateke. Udan lagun baten esaldia nire egin nuen eta "aldaketarik gabe, tximeletarik ez" lelo berria dut bizitzan. Euskaraz, gainera, tximileta izendatzeko hitz eder pila ditugu: pinpilinpauxa, mitxeleta, zintzitoil, txiruliru, txiribiri, farfail, tximirrika, txilipitaina, sorgin-oilo, matxita, mitxirrika, jainkoilo, apex, kalapitxi... eta hiztegiak ezagutzen ez dituen beste mila.

Musika asko entzuten dut, baina azken aldian Iseo ezizena duen iruindarrari ematen diot play.



Zuekin hilabete oparoak konpartitzeko irrikitan.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina