2016/10/26

Sexu-genero sistemari buruz hausnartzen

Aste honetan sexu-genero sistemaren inguruan hasunartzen ari gara (hura suntsitzeko eman beharreko lehen pausua akaso). Sexu-genero sistema dikotomikoa, giza-kontrolerako tresna da; menpekotasun eta zapalkuntzak dakartza eta botere-harremanak legitimatzen ditu, besteak beste.

Zoritxarrez, sexu-genero tranpan bete betean murgilduta dago gizartea. Gaia lantzeko oinarrizkotzat izan dugun Hezkidetza: sexu-genero sistema suntsitzen dokumentuan, sistemaren funtsa diren hiru kontzeptu nagusien definizioak irakurri ditugu: sexua, generoa eta sexu-genero sistema.

Sexua ezaugarri biologiko gisa XIX. mendetik aurrera besterik ez da teoria hegemoniko bihurtu; hau da, binarismoa ez da azken mendera arte gizartean orain bezain sustraiturik egon. Deigarria egiten da gainera garai moderno hauetan binarismo honen ondorioz ematen den pertsona intersexualen inbisibilizazioa. Are gehiago, gizartearen %1,7-az hitzegiten ari bagara [Anne Fausto-Sterling, Myths of Gender: Biological Theories about Women and Men, New York (1994)].


Generoa ere ekoizpen sozial dikotomikoa dugu; estereotipo femenino edo maskulinoaren bidez (bata bestearen osagarria) identifikatzen gara/gaituzte. Eta non geratzen da, gurean ez baina beste gizarte askotan hain garrantzitsua den hirugarren generoa? Pasa den hilabete honetako bigarren asteburuan, Madrilen lagun batzuk bisitatzen ari nintzela, Mónica Bernabé eta Gervasio Sánchez-en Afganistán.Mujeres erakusketa ikusteko aukera izan nuen. Bertan, Azita Rafaat ekintzailea ezagutzeko aukera izan nuen. Lehen eskutik "bacha posh" (mutiko baten gisa jantzita esan nahi du Dari hizkuntzan) praktika kultura azaldu zigun; berak eta bere alaba gazteenak jasandakoa. Semerik ez duten Afganistan, Pakistan eta Iran-go familia batzuetan ematen da praktika hau; alabetako bat aukeratu eta mutil gisa jokatu eta bizitzeko "aukera" ematen diote 17-18 urte betetzen duten arte. Beste hainbat adibide aurkitu daitezke kultura ezberdinetan; Indiako Hijra-k, Tahiti-ko Mahu-ak, Samoako Fa'afafine-ak, edo hain urruti ez dauden Balkanetako "virgenes juradas" delakoak.


Sexu-genero sistema inposaturik datorkigun arren, ezin dugu ahatzu genero-identitateari dagozkion barneratze-prozesu berezko eta natural hauek gizarteratze-prozesuaren bitartez ematen direla, eta beraz, eraiki ditugun moduan deseraikitzeko aukera badagoela.

Judith Butler-ek El genero en disputa liburuan zioen moduan: "La estabilidad del género, que es la que vuelve inteligibles a los sujetos en el marco de la heteronormatividad, depende de una alineación entre sexo, género y sexualidad, una alineación ideal que en realidad es cuestionada de forma constante y falta permanente".

Beraz, hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko erronka ugari daudela esango nuke: sentsibilizaziotik hasita, sexu-genero sistemaren erreprodukzioaren salaketara, hezkuntzako eremu guztietan genero ikuspegia txertatzeaz ahaztu gabe. Horretarako irizpide orokor batzuk jarraituko nituzke:


  • Aniztasuna zeharka lantzea; irakasleaon eguneroko diskurtso eta jarreretan txertatu, norbere burua zalantzan jartzetik hasita.
  • Aniztasunaren trataera ahalik eta normalizatuena garatzen lortzea, hau da, aparteko neurririk hartu behar izanik ez egotea (Hona heldu nahi badugu, behar beharrezkoa izango da metodologiak errotik aldatzea).
  • Heziketa-erreferente bilakatzea. Horretarako norbanakoaren esperientziatik hezitu behar dugu aniztasunea; norbere gorputz, jarrera, adibide eta hausnarketetatik abiatuta. 
  • Hezkuntza harremana zaintzea: segurtasun eta konfiantza espazioak sortu. 
  • Gure hausnarketetan beste aldagai batzuen intersekzionalitatearekin gurutzatutako genero ikuspegia barneratzea: egoera fisiko, jatorri, kultura, sexu orientazioa etab.
  • Ikasleen arteko elkar-ezagutza ahalbidetzea; bakoitzaren pertsona-, familia- eta kultura-baldintza zehatzak ezagutaraztea.
Guzti honetaz gain, ikasleekin berariaz lantzeko materialak ere badaudela ezin ahaztu; STEE-EILAS sindikatuaren "Estereotipoak apurtuz" unitatea didaktikoa, besteak beste.

RECITE-rekin egindako leloa
Ez nuke hausnarketa hau bukatu nahi, iazko ikastarokideek egindako sarrera gomendatu gabe. Oraingo honetan Aida eta Itsasoren SEXU-GENERO SISTEMA SUNTSITZEKO BIDEAN post-a aipatu nahi nuke. Bereziki gustatu zait sarreraren bukaeran egiten duten hausnarketa:

"Argi dago erronka bat estereotipo sexistak apurtzea dela. Ikasleen autoestima eraikitzeko orduan genero baldintzak identifikatu eta pertsona garapen integralerako ezaugarriak indartu behar ditugula. Hori lortzeko eskola komunitatean ari garen guztiok norabide berberarantz jo behar dugu. Eta azken hau zailtasun handiko erronka deritzogu, bai irakasle, zein guraso, eta bestelako langileen artean hutsune handia nabaritzen dugulako oraindik gai honetan."






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina