2016/12/19

Hizkuntza ez sexistaren inguruan hausnartzen



1.-Hausnarketa

- Gaztelania erabiltzeko behartzen duten askok erabiltzen dute honako arrazoia euren nahia justifikatzeko: hizkuntzak komunikatzeko dira, beraz, erabili ezazu gaztelania nik euskaraz ez dakit-eta. Ideia hori, ordea, ez da zuzena; izan ere, hizkuntzak hori baino askozaz gehiago dira. Hizkuntzen bidez balioak transmititzen dira, eta hizkuntzak identitate indibiduala nahiz kolektiboaren eraikitze prozesuan eragiten du.
Ikerlan batean zenbait haurrekin hitz egin zen. Bat Katalunian jaioa zen, Gambiako bikote baten semea, 7 urtekoa. Katalana garrantzitsua iruditzen ote zitzaion galdetu zitzaion eta  «Bai, noski!», erantzun zuen. «Katalanez hitz egiten badut, ez naiz horren beltza».

Bestalde, gure jendarte patriarkalean, emakumeak diskurtsotik kanporatuak egon dira, eta duela gutxi hasi dira hitzen boterea erabiltzen. Hori dela-eta, nahitaezkoa da hizkuntzari eta diskurtsoari begirada feminista bat ematea.



- Gurera etorrita, interesgarria iruditu zait honakoa:

“Harrigarria da, gizarte mugimenduetara jotzen badugu, feminismoak ibilbide luzea dauka, eta euskararen inguruko gizarte mugimenduak ere badute ibilbide majoa, baina oso gutxitan topatu dira, oso gutxitan elkartu dira partekatzeko”. 



Jone Miren Hernández Garcia EHUko Gizarte antropologia irakasleak emandako hitzaldian aipatutako hitzak dira aurrekoak. Bere esanetan, paralelismo ugari egin daitezke bi mundu horien artean, eta pena da bi bide horiek elkartu ez izana. Izan ere, bai feminismoaz, bai euskararen inguruan ari garenean, bazterketaz eta diskriminazioaz ari gara hitz egiten. Bestalde, behin eta berriz aipatzen da hizkuntzaren ikuspegitik transmisioak daukan garrantzia, eta ardura hori emakumeen eskuetan utzi izan da eta uzten da. Emakumeak, ordea, protagonismorik ez duenez, euskarak ez du islarik prestigioan, sormenean, boterean.

- Azkenik, ez nuke aipatu gabe utzi nahi hizkuntza ikonografikoak duen garrantzia. Suposatzen da irudiek era neutral batean testua ulertzen laguntzen dutela, baina errealitatean, zer adierazten dute irudiek? Orain arteko ikerketek adierazten digute genero estereotipoak sortu eta transmititzen dutela. Horrenbestez, arretaz jardun behar dugu materialak ekoiztu eta aukeratzerakoan.


2.-Gaiarekin lotutako leloa

“Izendatzeko boterea, kultura zehatz bat konfiguratzeko boterea da”.

3.-Iazko post bat aukeratu

Andurena hautatu dut, gaiaren inguruan material ugari bildu duelako, batez ere gaztelania arloan.

4.-Hizkuntza ez sexista gida bat gomendatu

Hizkuntza  hezkidetzaile eta ez sexistarako GIDAk eta baliabideak direla-eta, hezitzaileentzako material ugari eta oso egokia dago, eta hori eskertzekoa da, bai horixe! Bat aukeratu behar, eta 2008an Emakundek kaleratutakoa aukeratuko dut: Euskararen erabilera ez sexista. Amelia Barquín. Dena den, gainerakoek ere berezitasunak badituzte eta begiratzeko modukoak dira.



5.-kastetxean/jendartean lantzeko erronkak

1.-Hizkuntzek eta irudiek duten boterea ikusarazi ikasleei, eta tresnak eskaini horretarako.
2.-Irainen inguruan hausnartu ikasleekin.
3.-Berdintasuna bermatzen duten ipuinak aztertu ikasleekin.
4.-Hizkuntzaren (euskara eta gaztelania)  erabilera ez sexistarako gida bat prestatu ikastetxean.
5.-Eskola-materiala aztertu iruditeria eta hizkuntza aldetik. Irakasleen prestakuntza ere eskatzen du horrek.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina