2017/10/27

"Kale garbitzaile izan eta actiomanekin jolastu nahi dut"

Nire inguruan sexu-genero sistema iraultza aldian dagoela nabari dut. Geroz eta norbanako zein talde gehiago dira sistema horrekin apurtu nahi dutenak, geroz eta gehiago gara betaurreko moreak jantzita bizi garenak bai. Hala eta guztiz ere,  egiteko asko dago. Sexu-genero sistema gainditu duten hainbat pintzelada ikusi ditzakegu egunerokotasunean, bai, baina hala ere beste hamaika dira gainditu gabeak. Hona hemen hiru adibide:
LANBIDEAK:  Nire inguruan geroz eta emakume gehiago dira kamioi gidari eta taxista. Dena den, kale garbitzaile guztiak gizonezkoak dira nire herrian.
ETXEAN: Ama eta amona dira gure etxeko txikian zaintzen dituztenak. Aitona baserriko lanez arduratzen da eta aitaren lehentasuna bere lana da. Ama eta amona ere lanera joaten dira.
NEURE LANEAN: Euskal dantza irakaslea naiz. Orain arte dantzak ere generoaren arabera bereizten ziren, apurka hasi dira mutilak nesken dantza egiten, baita alderantziz ere. Dena den,  dantza eskoletako  izen-emateen %95a emakumezkoena da.
Gauzak ikusirik, aurrera bagoazela badirudien arren, ikaragarrizko lana dago egiteko.  Betaurreko moreak jantzita norbanakoak soilik bizi dira, norbanakoez osaturiko taldeak ere bai, baina hortik haratago, gizarte osoa betaurreko moreak jantzita ikusiko dugun aldia urrun dagoela iruditzen zait. Baina lasai, iritsiko da! Gure etxera ere iritsi baita!
Nire etxean bi ahizpa gara, eta  ahizpa txiki-txikitatik izan da auto eta motor zalea.  Gabonetan ahizparentzat olentzeroren oparirik estimatuenak action-man panpinak izaten ziren; niri barbiren bat eta berari action-mana, horrela handitzen zen gure familia eguberriero. Ni ere hasi nintzen jostailu horien eskean, eta amak ekarri zizkidan bai (ondoko izebari jaramonik egin gabe, hura ez baitzen tiroak eta botatzen dituzten panpin-gizon horien zalea). Hori horrela, barbie eta action man kopurua (ah, eta Ken ere bai, Doctor ken ezaguna!) berdintsua zen etxean. Eurekin bikoteak osatzen genituen jolasterakoan, noski bikote heterosexualak ziren denak. Nolaz ez zitzaigun bururatzen bikote homosexualak osatzea, etab.? “Zer jan hura izan” dio esaera zaharrak. Eta horrelaxe egin genuen guk ere, inguruko errealitatean ikusarazten zitzaiguna panpinekin islatu. Ikusarazi diot bai, oraindik ere, norbaiten intereserako edo generoaren gaia, indarkeriarena, famili ereduena ezkutatu egiten zaizkigula baiteritzot.
Garai bateko kontuak albo batera utziz, nire egunerokotasunean sartuko naiz. Alde batetik emakumezkoen arropa aukerari egingo diot aipamena, bestetik nire lan esparruko egoera azalduko dut labur larbur.
Ez naiz arropa erostera joan zalea, kosta egiten zait gogoko dudan zerbait aurkitzea. Buruan hamaika “modelito” egiten ditut eta dendara joatean ez dut ezer topatzen. Irudi geometriko zalea naiz, lerroak, laukiak, biribilak…asko gustatzen zaizkit marrazki horiek dituzten arropak. Dena den, emakumezkoen dendetan ia guztia loratua da eta kolore apalekoa. Nik kolore biziak gogoko ditut, kontrastea gogoko dut. Emakume eta gizonezkoen janzteko era ere oso estereotipatua dago, eta ildo horretako arropa da gaur egun ia denda gehienetan duguna.   Iaz hiper-kiroldenda batera joan nintzen bizikletako galtzak erostera, aukera handiagoa egongo zelako ustean. Gizonezkoentzako galtza aukera zabala zegoen, arren, emakumezkoentzako bi galtza pare soilik zeuden. Bata beltza eta zuria zen, eta bestea beltza eta arrosa.  Hura ikustean, ernegatu egin nintzen. Zer esan nahi zuen emakumezkoak ez garela bizikletan ibiltzen? Eta ibiltzen diren apurrak gogokoen dituen koloreak zuria eta arrosa direla? Galtzarik gabe iritsi nintzen etxera! Amorratuta! Amorratuta bai, baina ez gogoko galtzik topatu ez nuelako, berdintasunerako bideari harrika ari diren hamaika multinazional eta politiko daudelako. Arlo honetan ere diruak zer esan handia duela uste dut.
Azkenik, dantza irakaslea naizenez, nire lan esparruan bizi dugun egoeraz dudan iritzia azalduko dut. Tradizioz oso markatua dago gure kulturan sexu-genero lotura hori. Tradizio horren errepresentazioa izanik arte hau, oso eremu sexista dela esango nuke. Ezagunak diren dantzari guztiak gizonezkoak dira, zergatik? Nire eskualdean 5-6 dantza talde daude, eta horietako bat bakarrik zuzentzen du emakumezkoak. Gainerakoetan gizonezkoa da irakasle.
Bestalde, erabiltzen dugun arropak ere estereotipoari jarraituta janzten ditugu. Emakumezkoak gonak, eta gizonezkoek galtzak. Egia da, gaur egun hainbat dantza taldeetan, tradiziotik sorkuntzara goazen bidean, janzkera aldatu dela eta gizonezkoak gonekin eta emakumeak galtzekin dantzan ikusi ditugula.


Horrez gain, dantzak gizonezkoen dantza eta emakumezkoen dantza modura sailkatuak izan dira. Emakumezkoen dantzetan belar biltzaileak, sagar biltzaileak, arrain saltzailek irudikatu izan dira; gizonezkoen dantzak, berriz, ezpata eta makil dantzak izan ohi ziren, indarraren eta borrokalari senaren erakusle.
Hain esparru markatua izanik, kosta egiten zait genero ikuspegia hausteko baliabideak aurkitzea. Dena den, baliabide edo eskuartze egokiena neskek zein mutikoek elkarren dantzak elkarrekin ikastea da. Hala nola, zinta dantza edo eta ezpata dantza mutilek eta neskek guztiek, ikastea. Bestalde, emakumezko dantzariak badirela eta edozein erropekin dantza egin daitekeela landuko nuke, zeharkako bidean hainbat bideo eta adibiden bidez.
Hemen gizonezkoa gonarekin dantzan ari den bideo labur bat:



Kontuak kontu, aurrera bagoaz ere hamaika dira gainditu beharreko oztopoak. Hezkuntza gizartearen isla dela uste dut, beraz hau guztia eremu hezitzaileetan lantzeko arazoa gizarte hezkide batean bizi ez izana dela diot. Konformismoan bizi gara, eta hori da nire ustez oztopo nagusienetarikoa. Jarrera aurrerakoia azaldu behar dugu, begiak zabaldu behar ditugu, errealitatea ikusi behar dugu, geure buruaz hausnartu behar dugu… Jaiotzetik inkontzienteki ikasi ditugun eredu estereotipatuak izateko eran, hizkeran, jarreran etab. kanporatzen ditugu eta horiekin hautsi behar dugu. Norbanakoarengandik hasiko den iraultza dela uste dut. Lehendabizi nik jantziko ditut betaurrekoak eta ondoren ingurukoei jantzarazten saiatuko naiz. Honela eremu hezitzaileetan sartuko gara, eta honela gizarte hezkidea izango da. Azken bi hauei aldiberekotasuna ikusten diet nik.

AURREKO URTEKO POSTA


Hau da nik aukeratu dudan aurreko urteko posta. Ba al zenekiten elizak egin zuela generoa eta kolorearen arteko lehen lotura? Elizak behartu zituen emakumezkoak arrosaz janztera eta gizonezkoak urdinez. Arrosa haragiari eta infernuari lotzen zaio; urdina, aldiz, arimari eta zeruari.  Ikaragarria!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina